Boga-boga kantu sorta 1959. urtean argitaratu zela lehenengo aldiz genion aurreko argitaraldiko hitzaurrean. Baina gero jakin dugunez, lau urte lehenago multikopista sisteman argitaratu zen. Garai hartako hiru apaizgairen gain joan zen abestien aukeraketa, materialaren prestaketa eta argitaratze lana: Boni Urkizu, Iñaki Ugalde eta Hiazinto Fernandorena. 1959. urtean argitaratu zen inprentaz lehenengo aldiz Iñaki Labakaren ardurapean. Pentagrametako letrak Anton Garrok idatzi zituen, eta musika-notak Andres Urkizuk, nahiz eta Elkar argitaletxearen edizioetan pentagrametako letrak eta notak ordenagailuz egin ditugun. Karlos Agirrek egin zion liburuari hitzaurrea. Esan behar da baita ere, liburuaren azaleko marrazkia Jose Luis Casadorena dela. Garai batean hain arrakasta handia izan zuen Boga-boga aspalditik agortuta zegoela ikusirik, interesgarria iruditu zaigu berriro plazaratzea, kanturako zaletasunak bizirik iraun dezan. Baina liburuarekin batera, oraingo honetan, CD bat argitaratzen dugu hogeita bi abestiren grabazioarekin. Tonuak edonork kantatzeko moduan egokituak daude, era herrikoian. liburuak dituen laurogeita hiru kantuetatik zein grabatu erabakitzeko orduan, ezagunak izan arren errepertorio grabatuetan hain erraz aurki ez daitezkeenak aukeratu ditugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu Donostiako Apaizgaitegiari, eta bereziki Jesus Mari Arrietari, liburua berrargitaratzeko erraztasun guztiak eman dizkigulako. Eskerrak baita ere Boni Urkizuri beraren eskutik jaso baitugu Boga-bogaren jaiotzari eta ondorengo ibilbideari buruzko informazio zehatza.
