Mundu osoan, jendea gero eta gehiago dago urrutiko elikagai iturrien menpe. 1961eko datuekin konparatuta, azken 40 urteotan, elikagaien nazioarteko merkataritza hirukoiztu eta nazioarte mailan garraiatutako elikagaien kopurua laukoiztu egin dira, populazioa bikoiztu soilik egin bada ere. Handitze horretan eragina izan dute elikagaiak prozesatzeko arloko berrikuntzek, petrolioaren prezio merkeak eta zenbait laborek dituzten dirulaguntzek. Ameriketako Estatu Batuetan, elikagaiek 2.500 eta 4.000 kilometro bitartean bidaiatzen dituzte baserritik platerera iristeko, 1980an baino % gehiago. Erresuma Batuan, berriz, elikagaiek duela bi hamarkada baino %50 gehiago bidaiatzen dute. Zenbaitentzat, distantzia luzeko elikagai sistemak aurrekaririk eta parekorik gabeko aukera eskaintzen du. Baina sistema horrek baditu bere alde txarrak ere; esate baterako, tokiko sukaldaritza, espezieak eta nekazaritza alde batera uzten ditu, petrolio kantitate itzelak gastatzen ditu eta negutegi efektua eragiten dituzten gasak isurtzen ditu. Bestalde, elikagaiekin lotutako aurrez-aurreko harremanek ematen duten atsegina eta zer jaten ari garen jakiteak ematen duen ziurtasuna ere hondatzen ditu. Zorionez, distantzia luzeko elikagaiak kontsumitzeko ohitura ahultzen ari da pixkanaka, tokiko elikagaien aldeko mugimendu berri baina indartsuaren eraginez. Mugimendu horietako partaide dira, adibidez, Zimbabweko kakahuete gurin ekoizleak, Alemaniako txerriki ekoizleak, Vancouverreko teilatu baratzetako baratzezainak, eta beste leku batzuetako nekazari enpresaburuak, elikagaien negozio hasiberriak, jatetxeak, supermerkatuak eta kontsumitzaile arduratsuak. Horiek bultzaturiko iraultza laguntza handia izango da landa guneak suspertzeko, herrialde txiroak aberasteko, elikagai fresko eta osasungarriak hirietara itzultzeko eta hiri inguruko guneak berriro lurrarekin lotzeko. > Brian Halweil ikerketa kidea 1997an atxiki zitzaion Worldwatch Institute-ri Stanford unibertsitateko John Gardner zerbitzu publikoetarako irakasle gisa. Worldwatch Instituten, Brianek elikagaiak hazteko moduak gizartean eta ekologian dituen eraginei buruz idazten du, eta duela gutxi baserri organikoetan, bioteknologian, gosean eta nekazaritza komunitateetan jarri du arreta. Nazioarteko egunkariek aurkeztu dute Brianen lana, eta Ameriketako Estatu Batuetako Kanpo Arazoetako Senatuko Batzordeak baino lehenago eman du aditzera bioteknologi
