Hiru egun jitoan igaro ondoren, naufrago jubilatu batzuk uharte apartatu eta jendegabetu ba-tera heldu dira. Hogeita bi gizon-emakume dira, jubilatuak guztiak, oporretara joan direnak. -Eta orain zer egingo dugu? -galdetu zuen agure batek, hodeiertz neurtezinari begira. Hitz haiek entzutean, bi emakume zahar negarrez hasi ziren. -Non gaude? Zer gara? Nondik gatoz? Nork jasoko gaitu? Zer gertatuko da gure seme-alabekin? Elkarteko lehendakariak, hemendik aurrera Bat izango den horrexek, emakume negartiei palpar luzea ferekatu, eta ondoren esan zuen: -Bukatu dira pitokeriak! Antolatu beharra daukagu. Zenbat gara, ea, ikus dezagun: hogeita bi. Guztiak gaude eta! Ongi ba: hemendik aurrera, antolakuntza militarra. Utikan izenak. Gutako bakoitzak zenbaki bat izango du. Ni, adibidez, Bat izango naiz. Noski, eder-ederra zarelako zu... -Ez! Lehendakaria naizelako! Eta konforme ez dagoenak ospa egitea du. -Esango didazu nola... -Ongi, zu, Bi; zu, Hiru... Eta horrela, gauden ordenari jarraituz, Hogeita bi arte. -Eta norbait hiltzen bada, zenbakiak bere hartan mantendu edo egokitu egiten dira?